V. Benito Ansola saria: izen emate epea zabalik

V. Benito Ansola Sarian parte-hartzeko epea zabaldu da dagoeneko. Irailaren 2ra arteko epea izango dute ekoizle gazteek haien lanak aurkeztu eta 3.000 euroak eskuratzeko lehian sartzeko.

Benito-ansola-izenematea

Xede horretan bat datoz ekimenaren sustatzaile diren Euskaltzaleen Topagunea, Lekeitioko udala eta Euskal Zine Bilera. Baita beren babesa eman duten  Euskal Herriko Unibertsitateko Mikel Laboa katedra eta Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Gizarte Ekintzarako Zuzendaritza ere.  Euskal Zine Bileraren sortzaileetako bat izan zen Benito Ansola lekeitiarraren izena darama sariak.

3.000€ eta Euskal Zine Bileran aurkeztea

Profesionalizaziorako bidean lagundu eta euskarazko zinemagintzari ekarpena egiten dio lehiaketak, irabazleak, 3.000 euroko saria jasotzeaz gain, Lekeitioko Euskal Zine Bileran estreinatzen baitu bere proiektua.

Aurreko lau edizioetan Benito Ansola saria jaso duten sortzaile gazteek, ibilbide oparoa urratu dute ikus-entzunezkoen ekoizpenean. Horren adibide da azken edizioa irabazi zuen Ruben Rosas donostiarra, “Atsolorra” labur dokumentalarekin saritua.   Helburu hori baitu Benito Ansola Sariak: euskal kultura zabaldu eta sortzaile gazteei euskarazko ikus-entzunezkoak ekoizten laguntzea.

Parte hartu nahi duten gazteek, 2019 irailaren 2a baino lehen bidali beharko dituzte proiektuak. Horretarako, lehiaketaren oinarrietan agertzen diren baldintzak bete beharko dituzte parte-hartzaileek eta aurkezten dituzten lanek.

Hainbat berrikuntza ekarriko ditu V.edizioak

Bosgarren edizio honetan, hainbat berrikuntza gehitu dira sariketaren oinarrietan. Tartean, irabazlea aukeratzeko prozesuan, hiru lanen aurre-aukeraketa bat izango da. Hauen egileek, Lekeition ospatuko den Euskal Zine Bileran aurkeztu beharko dute proiektua epaileen aurrean. Horien artean erabakiko da V. edizio honetako irabazlea. Saritutako proiektuaren izena Euskal Zine Bilerako itxiera ekitaldian jakinaraziko da, eta 10 hilabeteko epea izango du aurkeztutako proiektua burutzeko.

 

Facebooktwitter
youtubeflickr
Erantzunik ez