Uda films taldeak irabazi du hirugarrenez Kameratoia

“Dzanga” gaiari helduta, aurkeztutako 18 taldetatik 13k bete dituzte rallyko irizpide guztiak. Uda films taldeak eraman du lehen saria, hirugarren urtez jarraian, “Tazan” laburrarekin.
Durangotik Lekeitiora egin du aurten Rallyak, Euskal Zine Bileran gazteei espazio propioa eskaintzeko. Eta gazteek zinez erantzun dute: 70 gaztetik gora jo eta su aritu dira 48 orduz euskarazko laburrak egiten. Gehienak 20 eta 22 urte bitartekoak izan dira; faltan bota ditugu 30 urtetik gorako “tiburoiak”. Izan ere, 35 urtetan dago Kameratoian parte hartzeko muga.

TALDE-ARGAZKIA
“Eskertzekoa da jende hain gaztea halako proposamen interesgarriekin etortzea” zioen Mikel Zumeta epaimahaikideak sari banaketa ekitaldian. Harrituta zegoela zioen, ikusten ari zen mailarekin. Yogurinha Borovak eta biek nahikoa lan izan zuten hamahiru lanen artean Kameratoiko hiru onenak aukeratzen: aurreko urteetan parte hartu izan zuten batzuek ere aipatu zuten “nibel handia dago, ez da egon beste urtetako saltoa lan batzuen eta besteen arteko nibelean”.

Lekeitioko Ikusgarri zine aretoan urduritasuna nagusitu zitzaien barre algarei sariak banatzeko garaia heldu zenean. Publikoaren saria nori eman zitzaion argitu zen lehendabizi, Berta productions taldearen “Dzangaren Jauna” lanak eraman zuen.PUBLIKOAREN-SARIA
Hirugarren saria LPM taldeak (Oñati) eraman zuen “Dzanga??” lanarekin. Epaimahaiak azpimarratu zuen “umorearen erabilera burutsua egin zutela eta baliabide tekniko murritzak profitatu eta etekina modu eraginkorrean erabili izana”. Halaber, “proposamenean ere meta-zinema erabiltzea bikoizketa eta bideo desberdinen txertaketa medio” lanari balio gehiago eman ziotela ere aipatu zuten “teknika desberdinak praktikan jarri behar izan direlako eta istorioarekin modu orekatuan eta argudiatuan egin delako”. Talde oñatiarrak duela bi urte ere hirugarren saria eraman zuen, eta publikoaren saria.

3SARIA

Bigarren saria Txistana taldearen (Ondarru eta Mutriku) “Abisal” lanari eman zion epaimahaiak, “poetikaren bidez hausnarketarako bidea eskaintzeagatik”. Gainera, istorioak burutazio existentzialak pantailaratu izana ere azpimarratu zuten epaileek “helduarazi nahi duen mezua osotasunez biltzen du bai testu bidez, bai bitarteko bisualen bidez”. Aspektu teknikoari dagokionez, “ur azpiko planoek istorioari ematen dioten indarra eta zentzua” ere ekarri zituzten gogora.

2SARIA

Ezin sinestuta igo ziren saria jasotzera Uda films taldekoak (Trebiñu, Donostia eta Lizarra), aurtengoan espero ez zutela aitortuz. Baina, bai, hirugarrenez beraiek eraman dute Kameratoiko sari nagusia, “Tazan” laburrarekin. Epaimahaiak lehen saria eman zion “Tazan” lanari laburmetraiaren egitura gehien errespetatuz, hasiera korapilo eta amaierarekin, istorio bat kontatzen zuelako. Uda filmesekoen baliabide teknikoen erabilera ere azpimarratu zuten “plano landuak eta travelingak erabiliz, teknologia berriak ere txertatu dituzte, Whatsapp bidezko mezuak pantailan ikusaraziz, garaikidetasunarekin bat datorrela erakutsiz”. Gainera, “horren baliabide gutxirekin halako lan interesgarria” eskaintzea eta umorea erabili izana ere saritu zuen epaimahaiak.

1-SARIA

Kalitatezko lan asko
Topikoa dela eman dezake, baina epaileek erabakia hartzeko garaian atera zituzten izerdiak benetakoak izan ziren. Estu ibili ziren, eta ekitaldi amaieran Mikel Zumeta beste lanen gaineko aipuak egiteko gogoz geratu zen. Denbora faltagatik beste lan batzuen inguruan esan ezin izan zituenak hemen jaso ditugu:

Lamia: Medio teknikoen erabilera eta irudi eta istorio indartsuak, gehiago garatu beharrekoa.
Isidro: Proposamen poetiko interesgarria, bideo-artearen mugetan, kamararen erabilera, muntaia eta testua aipagarriak.
Higadurak: Bide teknikoen erabilera aipagarria, telefono bidezko elkarrizketa, kaleidoskopioa, argazkiak. Proposamenaren poesia aipagarria, bideo-artearen mugetan.
Autodzanga: Irudien indarra eta erabilera, irudien bitartez sentsazioak sorrarazteko gaitasuna. Gehiago garatu beharrekoa.
Hippocampuss: Irudia eta musikaren erabilera ausarta, bideoklipetik hurbilago kokatzen den proposamena.

Facebooktwitter
youtubeflickr