rallytopa-logoaEuskaltzaleen Topagunea, euskarazko ikus-entzunezkoei bultzada emateko ahaleginean, egitasmo berri bat abiatzear da: Euskal Herriko Rally Topa.

Profesionalen alorrari baino, euskarazko ikus-entzunezkoak ekoizten aritzen diren sortzaileei begirako ekimena duzue hau, euskarazko film laburren bueltan, eta ezaugarri komun batzuk oinarri, Euskal Herrian antolatzen diren Rallyen arteko topaketa izango da.

Asko dira urtero herriz-herri antolatzen diren gisa honetako lehiaketak, sortzaile amateurrei zuzendutakoak: gai bat jarri, sorkuntzarako baldintza jakin batzuk eman eta, egun baten edo biren buruan, euskarazko film labur bat egitekoak.

Euskarazko ikus-entzunezko sorkuntzari sekulako ekarpena egiten diote tokian-tokiko lehiaketok antolatzen dituztenek, baita berton parte hartzen duten sortzaileek ere. Euskaltzaleen Topaguneak hauspoa eman nahi die ekimen hauei, eta guztien arteko sare bat sortu.

Finalisten finala

Horretarako abiatuko du Euskaltzaleen Topaguneak Rally Topa, urte osoan zehar burututako lehiaketa horietako finalisten arteko finala izango da. Lehen Rally Topa 2018ko abenduan ospatuko da, Irudienean – Durangoko Azokako ikus-entzunezkoen gunean. Finalista guztien lanak proiektatuko dira, epaimahai batek baloratuko du zeintzuk diren onena eta publikoaren saria ere izango da.

Rally Topean gailentzek direnek Euskal Herri osoko onenak izatearen ohoreaz gain, saria ere jasoko dute. Honako hiru sariak banatuko ditugu: 

  • 24 ordu baino gutxiagoan sortutako  laburmetraiak: 300 euro eta sorpresa
  • 24-48 ordu tartean sorturiko laburmetraiak: 300 euro eta sorpresa
  • Publikoaren saria (proiektatuko diren lan guztien artean aukeratua): 300 euro

Urte osoko lehiaketa

Zenbat eta rally edo lehiaketa gehiagotan parte hartu, aukera gehiago izango da Rally Topera heltzeko. Izan ere, esan bezala, finalisten finalerako lehiaketa bakoitzeko onenak sailkatuko dira. Herrietan lehiaketak ospatu ahala, iragarriz joango gara Rally Toperako zein film labur sailkatu diren.

Horretarako, Euskaltzaleen Topagunea egutegi bat osotzen hasia da urtean zehar egiten diren lehiaketa guztiekin. Inor kanpoan geratu ez dadin, deialdi bat zabalduko du 2017ko abenduan, rallyak antolatzen dituzten guztien informazioa jaso asmoz.

Parte hartzeko baldintzak

Esan bezala, Rally Topean parte hartuko duten film laburrak ezaugarri komunak dituzten lehiaketetatik etorritakoak izango dira: 12-48 orduko tartean,  gai /leku /objektu bat oinarri izanda egindako euskarazko laburmetraiak, eta aurkeztutako lehiaketan finalera heldutakoak.

Eman zure lehiaketaren berri

2018 hasieran bildu nahi ditugu Euskal Herrian aipatutako ezaugarriekin egiten diren rally guztien  informazioa. Zure herrian, auzoan, eskualdean horrelako lehiaketa bat antolatzen baduzu, jarri zaitez gurekin kontaktuan, mesedez!  kultura@topagunea.eus