Saridunak 3.000 euroko diru-laguntza izango du, ondorengo oinarrien arabera:

  1. Deialdi honetara, ikus-entzunezko lanak (fikzio, sorkuntza, animazio nahiz dokumentalak) egiteko proiektuak aurkeztu daitezke, jatorrizkoak eta beren zatiren bat edota osotasuna inon argitaratu gabea dutenak, sarituak izan ez direnak eta beste inondik moldatuak ez direnak.
  2. Euskararen presentzia ezinbestekoa izango da, ahozkoa edo idatzizkoa euskara hutsean. Beste edozein hizkuntzaren presentzia, ikus-entzunezkoan ondo arrazoitu beharko da.
  3. Deialdian Euskal Herrian bizi edo jaio diren gazte euskaldunek parte hartu ahal izango dute, hurrengo baldintzak betetzen badituzte:
  • Bakarka nahiz taldeka aurkeztuz gero, gutxienez 18 urte beteta izan beharko dira oinarri hauen publikazio egunean eta lana entregatzean 36 urte bete gabe.
  • Taldean aurkeztuz gero, talde teknikoaren adina hartuko da kontuan, ez ekoizpenean agertzen diren aktore edo pertsonaiena.
  • Sarietako aurreko deialdian irabazle suertatu ez badira.

4. Parte hartzaile edo talde bakoitzak, 2017ko ekainaren 2ra bitartean, mezu elektroniko bat bidali beharko du honako ezaugarriekin:

  • Nori zuzendua: leire@topagunea.eus
  • Gaia: Benito Ansola Sariak. Proiektuaren izena
  • Mezuari atxikirik, dokumentu batean: egilearen edo taldekide bakoitzaren izen abizenak, helbide fisikoa, posta elektronikoa, telefono mugikorreko zenbakia eta nortasun agiriaren irudia gehituko dira.
  • Taldeen kasuan, bakoitzaren argazkiaz gain, taldeko argazkia ere gehitu beharko da.

5. Mezuari atxikirik eta pdf artxibo bakarrean honakoak gehituko dira:

  • Landu nahi den ikus-entzunezkoaren azalpena (gehienez hiru orrikoa): izenburua, sinopsia, argumentua, iraupena, generoa.
  • Landu nahi den ikus-entzunezkoaren gehienez 3 orriko gidoi grafiko edo storyboard-a.
  • Pelikularen aurrekontu justifikatua eta ekoizpen plana: non eta noiz filmatuko den, zein ekipo tekniko, baliabide edo eta alokairuak egingo diren eta abar.
  • PDF artxiboan dagokion proiektuaren izena azalduko da argi eta garbi. Horrez gain, ez du izango egilea(k) identifikatzeko balio dezakeen daturik.

6. Ikus-entzunezkoetan aditu talde batek, baldintzak betetzen dituzten proiektu guztiak aztertu, eta haietako bat izendatuko du irabazle 2017ko Lekeitioko Euskal Zine Bilerako itxiera ekitaldian. Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, saria eman gabe utz dezakete epaimahaiko zein antolatzaileek.

7. Antolatzaileek ez dute bere egiten lanen proiektu eta lan bukatuetan egiten diren adierazpenak, erabilitako irudiak edota emandako iritziak. Beraz, ez dute inongo erantzukizunik.

8. Sari bakoitzeko diru-kopuruaren erdia, izendatu bezain laster jasoko du irabazleak, eta beste erdia, ikus-entzunezko amaitua jendaurrean aurkeztu ondoren. Sariko dirua emateko ekitaldian, sarituen presentzia guztiz beharrezkoa izango da, talde osoa ez bada ere, taldearen ordezkari bat joan beharko da saria jasotzera.

9.Irabazleak, izendapena jaso eta 2018ko uztailaren 1era bitarteko epea izango du gehienez, ikus-entzunezko amaitua Topaguneari helarazteko. Lanaren bukaerako kredituetan sariaren aipamena egingo da nahitaez antolatzaileek adierazitako testu eta logoekin edo eta irudiarekin.

10.Ikus-entzunezkoaren iraupena gutxienez 3 eta gehienez 18 minutukoa izango da animaziozko lanen kasuan. Animaziozkoak ez diren beste ikus-entzunezkoentzat, iraupena gutxienez 9 eta gehienez 18 minutukoa izango da. Esleipena egin ondoren, egileak hasierako proiektua aldatu nahi izango balu, antolatzaileei jakinarazi beharko die aldaketaren berri eta haien onespena jaso beharko du.

11.Ikus-entzunezkoaren sortzaileak edo sortzaile taldeak lana entregatuko ez balu, edo lan horren izaera eta kalitatea, epaimahaikoen iritziz, proiektuan azaldutakoaren aldean nabarmenki kaxkarragoak balira, itzuli egin beharko du jasotako dirua.

12.Diru-laguntza jasotako lanaren jabetza, egilearena izango da. Alabaina, lan hori ezin izango da jendaurrean erakutsi, Lekeitioko 2018ko Euskal Zine Bileran estreinatu eta ekitaldi hau bukatu bitartean.

13.Sari honetan saritutako lana, beste lehiaketa batzuetara aurkeztu ahal izango da, beti ere oinarri hauetan aipatzen diren baldintzekin kontraesanean erortzen ez bada.

14.Saritutako lana Creative Commons AITORTU-PARTEKATU lizentziapean zabalduko da. Horren arabera, egileek baimena ematen dute euren lana edozeinek ikusi, erakutsi edota berrerabiltzeko, beti ere egiletza aitortuz eta eratorritako lanak oinarri hauekiko baldintza berdinetan partekatuz. Informazio gehiagorako, ikus: http://creativecommons.org/licenses/bysa/3.0/deed.eu. Topaguneak saritutako lanak argitaratu, zabaldu eta barne egitasmoetan erabiltzeko eskubidea izango du.

15.Oinarrien ulermenean zalantzarik balego, Euskaltzaleen Topaguneari dagokio erabakitzea. Egokia dela baderitzo, parte hartzaileek bete beharreko baldintza zein oinarriak aldatzeko eskumena izango du.

16.Sari-deialdi honetan parte hartzeak, bertako oinarriak ontzat ematea dakar.

 Edozein argibidetarako helbideak eta datuak:

helbidea_baweberako