Euskaraz ikus-entzunezkoak sortzen aritzen diren gazteentzako lehiaketa berezi bat da, Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen du 2004az geroztik. Euskal Herri osotik etorritako gazteak elkartzen dira Kameratoian, lehen aldiz horrelako rally batean parte hartzen dutenak eta jadanik zenbait urtez errepikatu duten beteranoak.

Euskal Herriko Ikus-Entzunezkoen Rallya gaztea, freskoa eta bizia da. Tximista baten deskarga bezalakoa: Gazteek 48 ordutan sortu behar izaten dituzte beraien ikus-entzunezkoak, lehiaketan ezarritako gaia eta ezaugarriak betez.

Aurten Zine Bileran

Kameratoia

Kameratoia, zenbait urtetan, Euskal Herriko herri ezberdinetan ospatu izan da eta azken lau edizioak Durangoko Azokaren baitan burutu dira, ikus-entzunezkoen topalekuan, Irudienean.

2017an Kameratoia Lekeition ospatuko da, Euskal Zine Bileran. Euskaltzaleen Topaguneak eta Euskal Zine Bilerak elkarrekin egin duten salto bat da hau;  gazteei bultzada emateko euskarazko ikus-entzunezkoetan lehen pausoak eman ditzaten. Kameratoia Lekeition ospatuta, Euskal Herriko gazteei espazio propio bat eskainiko diegu euskarazko zinemaldi bakarrean, Euskal Zine bileran.

Kameratoiko parte hartzaileek, 48 ordutan film bat grabatzeaz gain, aukera izango dute euskarazko zinemaldia barrutik bizitzeko, jendea ezagutzeko, ondo pasatzeko eta, agian, sari potoloren bat irabazteko.

Parte hartzaileen filmen zabalpena

Kameratoiaren beste helburuetako bat parte hartzaileen ekoizpen artistikoa gizarteratzea da. Horregatik,  lehiaketan sortutako pieza guztiak Creative Commons Aitortu–Partekatu lizentziapean zabaltzen dira. Gainera,  irabazlea Laburbira zirkuituan sartzeko sailkatzen da.  

Kameratoiak euskarazko ikus-entzunezkoen mundura sartzen laguntzen die gazteei. Euskaraz sortu, elkartu, komunikatu, konektatu, dibertitu, nahi duten gazte guztiek dute lehiaketan parte hartzeko aukera. Euskaltzaleen mugimenduak eta Euskal Zine Bilerak gogoz zabalduko dizkiete Kameratoiko ateak!