Mezu indartsuek irabazi dituzte XII. Kameratoiko sariak

“Oihaneko legea” gaiari helduta, 18 taldek aurkeztu zituzten beraien lanak emandako 48 orduen barruan. Uda films taldeak eraman zuen lehen saria, bigarren urtez jarraian,  “Lege zahar” laburrarekin.

Abenduaren 6an ospatu zen Irudienean XII. Euskal Herriko Ikus-entzunezkoen rallyko sari banaketa. Izena emandako 23 taldetatik hemezortzik piztu zuten azkenean, piztia. Hemezortzi lan, elkarren artean arras ezberdinak jaso zituen antolakuntzak. Atzoko sari banaketa galan ikusi ziren jasotako 18 lan horiek, eta epaimahaiak ere bertan, publikoarekin batera ikusi zituen film labur guztiak.

Irudieneako Kepa Errasti eta Maria Cruickshank epaileek hamar minutuko tartea besterik ez zuten izan ikusitako lanak baloratu eta irabazleak zeintzuk ziren erabakitzeko. Bitartean, sari banaketara hurbildu zirenek beraien bozka eman zuten, publikoaren saria nork eramango zuen haien esku baitzegoen.

Hamar minutu horietan zalaparta izan zen nagusi Irudieneako pasilloan, gazteen artean iritziak trukatzen, zeintzu lan izan zituzten gustukoen… eta eztabaida epaimahaikideen artean. Ez baitzen erraza izan erabakiak hartzea hainbeste lan irudimentsu eta on esku artean izanik. Azkenean “barrura iristen” zen mezuari eman zioten lehen saria, UDA filmsen “Lege zahar”ari. Haren “irudi zaindua eta lengoaia poetikoa” ere azpimarratu zuten Errastik eta Cruickshank-ek.

 

Barruko piztia

“Oihaneko Legea” izan da aurten  lehiakideei eman zaien gaia; 48 ordu izan dituzte beraien film laburrak egin eta Topaguneari entregatzeko. Guztira 18 talde izan dira Euskal Herriko euskarazko film laburren rally honetan azkeneraino heldu direnak:  72  pertsona, 31 gipuzkoar, 30 bizkaitar; 7 Arabar bi  Nafar. Aurten Castrourdialestik eta Granadatik ere izan ditugu partehartzaile bana.

Publikoaren saria izan zen jakiten lehena: “Euskarak 365 egun” izan zen ikusleei gehien gustatu zitzaiena, “Anana films” taldearena. Eta, segidan, urduritasuna areagotuz joan zen:

Hirugarren saria, 55 segunduko iraupena duen animazio batek eraman zuen, “Azken ilaran” taldearen “LIBRE” laburrak. Epaimahaiak azpimarratu zuen “beste guztiekin alderatuta, lengoaia zinematografiko desberdina” erabili zutela eta “mezua laburra baina zuzena” zela.

3-saria

Azken Ilaran taldekoei Joxe Rojasek eman zien saria, TOKIKOM saria.

Bigarren saria “BARNEKO INDARRA” lanak irabazi zuen, “Troppena” taldeak transmititutako “mezu indartsuagatik” eta, batez ere, “barruko piztiaren sinbolismo politagatik”.

2-saria

Troppena taldekoak Izaskun Ellakuriagarekin, Gerediaga saria jaso berri

Lehen saria, berriz, Uda films taldearen “LEGE ZAHAR” lanari eman zion epaimahaiak “Irudi oso zainduagati, laburrean erabilitako lengoaia poetikoagatik eta mezua barrura iristen delako”. Uda films taldeak iazko edizioan ere lehen saria irabazi zuen.

1-saria

UDA films taldeko kideak, Jasone Mendizabal, Topaguneko zuzendariaren eskutik saria jaso berri.

Facebooktwitter
youtubeflickr