Post-1-facebook

XIII. edizioan Durangotik Lekeitiora egin zuen salto Rallyak, Euskal Zine Bileran gazteei espazio propioa eskaintzeko. Eta gazteek zinez erantzun zuten! “Dzanga” gaiari helduta, aurkeztutako 18 taldetatik 13k  bete zituzten rallyko irizpide guztiak. Uda films taldeak eraman zuen lehen saria, hirugarren urtez jarraian,  “Tazan” laburrarekin.

“Eskertzekoa da jende hain gaztea halako proposamen interesgarriekin etortzea” zioen Mikel Zumeta epaimahaikideak sari banaketa ekitaldian. Harrituta zegoela zioen, ikusten ari zen mailarekin.  Yogurinha Borovak eta biek nahikoa lan izan zuten hamahiru lanen artean Kameratoiko hiru onenak aukeratzen: aurreko urteetan parte hartu izan zuten batzuek ere aipatu zuten “nibel handia dago, ez da egon beste urtetako saltoa lan batzuen eta besteen arteko nibelean”.

1 SARIA “Tazan” 

Ezin sinestuta igo ziren saria jasotzera Uda films taldekoak (Trebiñu, Donostia eta Lizarra), aurtengoan espero ez zutela aitortuz. Baina, bai, hirugarrenez beraiek eraman dute Kameratoiko sari nagusia, “Tazan” laburrarekin. Epaimahaiak lehen saria eman zion “Tazan” lanari laburmetraiaren egitura gehien errespetatuz, hasiera korapilo eta amaierarekin, istorio bat kontatzen zuelako. Uda filmesekoen baliabide teknikoen erabilera ere azpimarratu zuten “plano landuak eta travelingak erabiliz, teknologia berriak ere txertatu dituzte, Whatsapp bidezko mezuak pantailan ikusaraziz, garaikidetasunarekin bat datorrela erakutsiz”. Gainera, “horren baliabide gutxirekin halako lan interesgarria” eskaintzea  eta umorea erabili izana ere saritu zuen epaimahaiak.

2. SARIA “Abisal”

Txistana taldearen (Ondarru eta Mutriku) “Abisal” lanari eman zion epaimahaiak, “poetikaren bidez hausnarketarako bidea eskaintzeagatik”. Gainera, istorioak burutazio existentzialak pantailaratu izana ere azpimarratu zuten epaileek “helduarazi nahi duen mezua osotasunez biltzen du bai testu bidez, bai bitarteko bisualen bidez”. Aspektu teknikoari dagokionez, “ur azpiko planoek istorioari ematen dioten indarra eta zentzua” ere ekarri zituzten gogora.

3. SARIA “Dzanga??”

LPM taldeak (Oñati) eraman zuen “Dzanga??” lanarekin. Epaimahaiak azpimarratu zuen “umorearen erabilera burutsua egin zutela eta  baliabide tekniko murritzak profitatu eta etekina modu eraginkorrean erabili izana”. Halaber, “proposamenean ere meta-zinema erabiltzea bikoizketa eta bideo desberdinen txertaketa medio”  lanari balio gehiago eman ziotela ere aipatu zuten “teknika desberdinak praktikan jarri behar izan direlako eta istorioarekin modu orekatuan eta argudiatuan egin delako”. Talde oñatiarrak duela bi urte ere hirugarren saria eraman zuen, eta publikoaren saria.