Lapatx taldearen Ilunpean lanak irabazi du Kameratoia

Aurten 24 ordutan sortu behar izan dituzte film laburrak eta nabaritu da jasotako lan kopuruan. Izena emandako 14 taldeetatik seik bete dituzte rallyko irizpide guztiak. Lapatx taldeak eraman du lehen saria, istorio borobil bat kontatzearren.

 

Euskal Zine Bileraren baitan gazteei espazio propioa zabaltzeko, beraien artean elkar ezagutzeko eta herrian bertan saltsa sortzeko helburuz, Lekeition ospatu da, bigarrenez, aurten Kameratoia.

Urriko lehen asteburu honetan emozio ugari eragin du  Rallyak,  bereziki sakona izan da, besteak beste, parte hartzaileek 24 ordutan sortu behar izan dituztelako film laburrak. Zapatu eguerdian landu beharreko gaia eta ezaugarriak jasota, igande eguerdirako antolakuntzari entregatu zizkieten sei taldek, zintzo-zintzo, burututako lanak. Izena emandako 14 taldetatik seik bakarrik lortu zuten eskatutako denboran film laburrak egitea.

45196145121_b53191a20d_z

Ia etenik gabeko rallya

Sari banaketa ekitaldian nabari ziren parte hartzaile eta antolatzaileen begi-zuloak. Rallyaren benetako esentziaren markak, 24 orduz ia eten barik martxan aritzearen laginak. Hala ere, umorerik ez zen falta izan Ikusgarri zine aretoan, Ugaitz Alegria aurkezleak airean ibili zituen ikusleak, eszenatokitik jaitsi eta filmen gaineko iritziak galdetuz lehendabizi eta saridunen gaineko intriga luzatuz amaieraraino.

“Zoragarria da gai berari talde bakoitzak nolako ikuspegi ezberdina ematen diozuen ” zioen Mikel Zumeta epaimahaikideak sari banaketa ekitaldian. Harrituta zegoela zioen, hogeitalau ordu emanda horrelako kalitateko lanak ikusteaz.  Yogurinha Borova eta biak aritu ziren aukeratzen lehen hiru onenak.

Itsuaren begirada nagusi

Lekeitioko Ikusgarri zine aretoan urduritasuna nagusitu zitzaien barre algarei sariak banatzeko garaia heldu zenean. Publikoak saria nori eman zion argitu zen lehendabizi, Askopena produkzioak taldearen “Bisitaria” film laburrak eraman zuen. Lanak proiektatzerako orduan susmatu zitekeen hala izango zela, publikoaren barreak entzunda.

43382687020_dc8be80abd_z

Hirugarren saria ere Askopena Produkzioak (Gasteiz) taldearen lanak eraman zuen. Epaimahaiak “Bisitaria” lanean umorea erabiltzeko modua saritu zuen,  baliabide gutxirekin argudioa zuen istorio bat osotu izana eta teknologia berriak uztartu izana irudietan.

45146512172_538373665b_z

Bigarren saria Txistana taldearen (Ondarru eta Mutriku) “Anamorfia” lanari eman zion epaimahaiak. Iazko edizioan ere bigarren saria eraman zuen Txistana taldeak, estilo berdineko lan batekin. Epaimahaiak azpimarratu zuen nabari zela iazko  poetika baliabide teknikoekin aberastu zutela eta berriz ere lortu zutela mezua osotasunez helaraztea.

31322313498_e97becf68f_z

Lehen saria ez zuten espero Lapatx taldekoek (Algorta eta Gasteiz) eta seko harrituta igo ziren eszenatokira beraien lanaren izena entzun zutenean: “Ilunpean”. Hirugarren aldiz parte hartu dute Kameratoian eta hirugarrenean eraman dute sari nagusia. Epaimahaiak azpimarratu zuen Ilunpean laburmetraiak istorio borobila kontatzen duela, emandako gaiari modu elegantean buelta emanez. Izan ere, “Amuarrainak begi bi, sei ezkailuk hamabi” gaiari itsu baten ikuspegitik heldu zioten, ikusmenik ezean beste zentzuen bidez jasotzen diren sentsazioak publikoari biziaraziz. Halaber, Lapatx taldekoen baliabide teknikoen erabilera ere azpimarratu zuen “plano biziak eta irudiaren lengoaia bikain erabiliz”.

Bi onenak DemaSArawidget

Euskaltzaleen Topaguneak lehiaketa berri bat estreinatuko du aurten: DemaS.A (sortzaile amateurren dema Euskarazko film laburren bueltan, Euskal Herrian antolatzen diren rally edo lehiaketen arteko final handia izango da.

Abenduaren 9an izango da, Irudienean (Durangoko Azokan), eta bertan parte hartuko dute lehiaketa bakoitzeko finalistek, tartean Kameratoiko lehen bi onenek; Txistana taldearen “Anamorfia” eta Lapatx taldearen “ Ilunpean” lanak Irudieneako final handian izango dira.

 

Facebooktwitter
youtubeflickr