Kameratoian “piztia pizteko” izen ematea zabalik!

Euskal Herriko Ikus-Entzunezkoen Rallya sekula baino basatiago dator. Piztu piztia! lemapean, aurten irudimena biluztera eta barruko “piztia” askatzera animatu nahi ditugu gazteak.

Kameratoiaren XII. edizioa abenduaren 3tik 6ra izango da, Durangoko Azokako Irudienean (Ikus-entzunezkoen gunea). Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako lehiaketa honetan, 18 eta 35 urte bitarteko gazteek hartu dezakete parte eta azaroaren 24ra arte izango da zabalik izen ematea, webgune honetan bertan. 

kame216kartela

Abenduaren 3an parte hartzaileek landu beharreko gaia eta ezaugarrien berri izango dute harrera ekitaldian eta, hau bukatu bezain pronto, Rallyari hasiera emango zaio. Sortzaileek 48 ordu izango dituzte film laburrak egiteko eta entregatzeko, abenduaren 5eko 12:00ak baino lehen.

Sari banaketa abenduaren 6an izango da Irudienean (Durangoko Zugaza zineman). Bertan, lan guztien emanaldia eskainiko da eta epaileek erabakiko dute zeintzuk diren hiru lan onenak. Aurten 2600 euro banatuko dira hiru talde onenen artean eta, publikoaren sariaz gain, izango da besterik kameratoilarien alde basatia pizteko.

Kameratoiaren beste helburuetako bat parte hartzaileen ekoizpen artistikoa gizarteratzea da. Horregatik, lehiaketan sortutako pieza guztiak Creative Commons Aitortu–Partekatu lizentziapean zabalduko dira.

Izena ematen duten lehen 30 taldeek soilik izango dute parte-hartzea bermatuta, eta gainontzekoak itxarote zerrendan sartuko dira. Lehiaketaren oinarriak “Rallyaren oinarriak” atalean daude ikusgai osorik.

Lehiaketa sare sozialetan

Kameratoia heltzen denerako giroa berotuko dugu sare sozialetan lehiaketa berezi bat abiatuta: “Zein izan da zure esperientziarik basatiena?” galderari erantzutea besterik ez da egin behar. Lehiaketari buruzko informazio gehiago hementxe duzu. Animatu eta kontaiguzu zeure esperientziarik basatiena!

Facebooktwitter
youtubeflickr