Kameratoia, Euskal Herriko Ikus-entzunezkoen Rallyak 10 edizio beteko ditu aurten

2005 urteaz geroztik, Euskaltzaleen Topaguneak KAMERATOIA Euskal Herriko Ikus-entzunezkoen Rallya antolatu du urtero. Aurtengoa 10. edizioa izango da eta iazko arrakasta dela eta, Durangoko Azokako Irudienea Ikus-entzunezkoen plazaren baitan izango da, bigarrenez.

Lehiaketak 48 orduko formatua mantenduko du. Hala, abenduaren 6an, parte hartzaileek aurkeztu beharreko film laburren gaia eta bertan islatu beharko dituzten ezaugarrien zerrenda jasoko dituzte. Momentu horretatik, kameratoilariek 48 orduko epea izango dute gehienez sei minutuko iraupena izango duen film labur baten gidoia osatu, grabazio lanak egin eta edizio lanak burutzeko, beti ere antolakuntzak jarritako gai eta ezaugarriei jarraiki. Taldeek bere ekipo propioa erabili beharko dute eta aurkeztuko dituzten film laburretan hizkuntzaren presentzia ezinbestekoa izango da, ahozkoa edo idatzizkoa, euskara hutsean.

Abenduaren 8an, goizez, parte hartzaileek bideoak entregatu beharko dituzte, eta arratsaldez, gala ospatuko da Durangoko Azokako Irudienea ikus-entzunezkoen plazan (Durangoko Zugaza zineman). Bertan, lan guztien emanaldia eskainiko da eta epaileek ondorengo sariak banatuko dituzte: Lehen Saria, 1.200 eurokoa izango da; bigarrena, 900 eurokoa eta hirugarren saria eskuratzen duen taldeak, 600 euroko txekea jasoko du.

Hamargarren edizioa urte berezia izanik, Topaguneak keinu berezi bat egin nahi izan die euskaltzaleen mugimenduko kideei, haiei zuzendutako sari berezi bat eskainiz. Hala, hiru sari nagusiez gain, epaimahaiak TOPAGUNEA sari berezia banatuko dio, euskaltzaleen elkarte baten izenean aurkezten den taldeetako bati. Saria euskara sustatzeko proiektu bati bideratzeko 500€ko txekea izango da. Honez gain, saridunaren lanak zabalkunde berezia izango du TOKIKOM osatzen duten euskarazko tokiko hedabideen artean

Facebooktwitter
youtubeflickr
Erantzunik ez