Irudienean parte hartzeko izen ematea zabalik urriaren 15era arte

Urriaren 1etik15era bitarte, Durangoko Azokako webgunean dago eskura izen emate formularioa, banner-webIrudienea gunean. Euskaltzaleen Topaguneak dei egiten die izena ematera azken urte honetan lanen bat sortu duten amateur nahiz profesional guztiei.

Garaiak aldatzen diren moduan, moduak aldatzen dira; aniztasuna da egungo euskarazko ikus-entzunezkoetan nagusi. Dokumentalek, film luzeek, laburmetraiek… ateak zabaldu dizkiete bestelako ikus-entzunezkoei: web serieak, animaziozko filmak, esketxak, web dokumentalak…

Aberastasun hau ordezkatzeko asmoz dator aurtengo Irudienea. 2018an euskaraz sortutako ikus-entzunezkoen erakusleiho bilakatuko dugu Irudienea, Durangoko azokak irauten duen bost egunetan.

Jakintza kolektiboa islatzen

Ikusi eta entzun; ez dira hauek Euskal Herrian sortzen diren ikus-entzunezkoen oinarri bakarrak. Bizitza, historia, nortasuna… guztiek dute sakonean gurea denaren eta gu garenaren isla. Jakintza kolektiboa, bizipen historikoak eta sentimenduak islatzen dira urtero Irudienean. Eta zoragarria da hau guztia partekatu ahal izatea bost egunez, goiz eta arratsaldez, hamabi orduko proiekzio programazio baten bidez.

Amateur eta profesionalak

Amateur nahiz profesional, afizioz zein ofizioz, euskarazko ikus-entzunezkoren bat sortu dutenek, beraien lana aurkezteko eskaera egin dezakete jadanik. Bideoklip bat egin dutela? Herriko euskaltzale bati buruzko dokumentala? Urak euskal kulturan duen garrantziaz animazio film bat? Aurten lagunekin grabatutako web serie bat zintzilikatu dutela sarean?

Durangoko azokako webgunean

Urriaren 15era bitarte, Irudienearako lanak aurkezteko aukera izango da: Durangoko azokako webgunean izena emateko orria bete besterik ez da egin behar.

Durangoko Azokako webgunean sartu, Irudienea gunea bisitatu eta bertako argibideak jarraitu behar dituzu. Kontuan izan behar dituzun bi gauza:

– Urriaren 1etik 15era egongo da deialdia zabalik.
– Eskaria luzatzeak ez du esan nahi onartua izan dela. Dagokion guneko arduradunaren baieztapena jaso behar duzu, emailez zein telefonoz.

Euskaltzaleen Topagunea saiatuko da Irudienean euskal errealitateak, ikuspegiak, umorea, izaera, bozak, soinuak, historia; jasotako lanen aniztasuna publikoari erakutsiko dion plaza sortzen. 

 

Facebooktwitter
youtubeflickr