Proiektors: etxean gordetako bideo zaharrak digitalizatu nahi?

Abenduaren 8an datoz Irudieneara Proiektors ekimenekoak, “Apodaka”  film laburra besazpian dutela. Ez da edozein film labur, egia esateko:  Leintz Gatzagako herritarrek auzolanean egindako aurkikuntza batean du jatorria, “Hustu Ganbarak” ekimenean.

Proiektors-apodaka

Argazkilaria: Virginia Arakistain

Herriko ganbara batean antzinako proiektore batzuk eta 8mmko film domestikoak topatu zituzten; etxekoek aspaldi grabatutako irudiak, Leintz Gatzagari buruzkoak.

Ekimen hartan ari zen parte hartzen Aitor Alberdi ere, egungo Proiektors taldeko kidea; herritarren oniritzia jasota, berak jaso zituen filmak eta proiektoreak. Eta ez hori bakarrik; Euskal Filmotekarekin jarri zen harremanetan, film haietako irudiak depositoan hustu eta digitalizatzeko.

Eta hala jaio zen, Apodaka, “film horietan jasotzen zena, herriaren inguruko dokumentatzio grafikoa, nolabait herritarrei itzultzeko”. Abenduaren 8an aurkeztuko digute film laburra Proiektors taldekoek eta deialdi bat ere egingo dute, bideo zaharrak digitalizatzeko.

Bideoak digitalizatzeko deialdia

Leintz Gatzagako esperientziak hausnartzera bultzatu zituen gaur egun Proiektors ekimena osatzen duten kideak “horrelako materialak etxean gordeta dituztenei inpaktu emozional handia eragiten die grabaketa horietan gordeta dagoena berreskuratzeak”.

Horregatik, Proiektors ekimenekoek deialdi bat ere egingo dute Durangon: “honelako film domestikoak dauzkan edonork gugana jo dezake, inolako konpromiso barik,  grabazio horien kontserbazio eta digitalizazioaren inguruko informazioa jasotzeko”.

Abenduaren 14an eta 15ean

Irudienean Apodaka film laburra aurkeztuko dute eta deialdia zabalduko: etxean gordeta ditugun grabaketa horiek, aspaldiko opor, familiako afari, herriko jaietan, koadrilan, grabatutako irudi horiek berreskuratzeko aukera emango digute. Izan ere, “familia inguruan sortzen diren grabaketak eta filmak ez dira oroitzapen hutsak, lehen begiradan jasotako dokumentu historikoak baizik”.

Proiektors ekimenekoak Landako Elkartegian izango dira abenduaren 14an eta 15ean, interesa izan duen edonori film horien kontserbazio eta digitalizazioaren inguruko zalantzak argitu edo eta lanak batzeko:

  • Abenduak 14: 17:00etatik 20:00etara.
  • Abenduak 15: 11:00etatik 14:00etara.

Bestelako informaziorik behar izanez gero, berriz, honako helbidean aurkituko dituzu: proiektors@gmail.com

Facebooktwitter
youtubeflickr