Irudienea abian da!

52. Durangoko Azoka abian da, baita Irudienea ere, Azokako Euskal Herriko Ikus-entzunezkoen gunea.Aurtengo edizioan parte-hartzeko izen ematea urriaren 4an zabalduko da, urriaren 13ra bitarte.

Fikziozko filmak, laburmetraiak, lan esperimentalak, dokumentalak… era guztietako ikus-entzunezkoen erakusleiho izango da aurten ere Irudienea. Beraz, sortzaile bazara  adi data honi, prestatu zure lanak eta Urriaren 4tik aurrera aurkeztu aurtengo Irudieneako programaziorako.

Kameratoia Lekeition

Aurtengoan berrikuntzekin gatoz: azken urteetan Durangoko Azokan antolatu izan dugun Kameratoia, Lekeitioko Zine Bileran gauzatuko da, urrian. Elkarlan bide berriak sortu asmoz, bi ekimen hauek beraien programak uztartu dituzte. Beraz, Kameratoian parte hartu nahi duzuen taldeak adi aurtengo aldaketei. Aurtengoan Kameratoia Lekeition!

Rally Topa Irudienean

Baina hori ez da berrikuntza bakarra, aurtengoan lehendabizikoz – eta urte askotarako espero dezagun- Irudieneako programazioan “RALLY TOPA, Euskal Herriko laburmetrai rallyen rallya” antolatuko da.

Labur esateko, “RALLY TOPA” Euskal Herriko laburmetrai eta rallyetako irabazleen artean hoberena aukeratzeko lehiaketa izango da. Ugariak dira azken urteetan Euskal Herrian antolatu izan diren rally eta lehiaketak, denbora tarte labur batean, gai edo objektu bat erabiliz, film labur bat sortzea helburu duten rallyak.

Aurtengoan Durangon onenen artean onena aukeratu nahi dugu. Beraz, lehiaketa hauetako batean finalista izan baldin bazara, hitz egin zure taldekoekin, prestatu zuen lanak, urriaren 4tik aurrera lehiaketa berri honetan parte hartzeko izen ematea zabalduko dugu

Facebooktwitter
youtubeflickr