Euskal Herriko IX. Ikus-entzunezkoen Rallya Durangoko Azokako Irudienea Gunean izango da

Azken zortzi urteotan bezala, Euskaltzaleen Topaguneak KAMERATOIA Euskal Herriko Ikus-entzunezkoen Rallya antolatu du eta oraingo honetan agertoki nagusia Durangoko Azokako Irudienea Ikus-entzunezkoen gunea izango da.

Lehiaketa lehen edizioetako formatura itzuliko da: Abenduaren 6an, parte hartzaileek aurkeztu beharreko film laburraren gaia eta bertan islatu beharko dituzten irudien zerrenda jasoko dute. Momentu horretatik, kameratoilariek 48 orduko epea izango dute hiru eta zortzi minutu bitarteko film labur baten gidoia osatu, grabazio lanak egin eta edizio lanak burutzeko, beti ere antolakuntzak jarritako gai eta ezaugarriei jarraiki. Abenduaren 8an, igandean, parte hartzaileek bideoak aurkeztu beharko dituzte, eta orduan hasiko da epaimahaiaren lana. Aurreko edizioetan bezala, epaileek hiru sari emango dituzte, 1.200, 900 eta 600 eurokoak , hain zuzen. Irabazleen lanen emanaldia eta s ari banaketa abenduaren 8an bertan izango da Durangoko Azokako Irudienea gunean.

Aurreko edizioetan parte hartu zuten gazteek argi utzi duten moduan, gazte euskaldunen artean badago hori eta gehiago ere egiteko irudimena eta gaitasuna. Halaxe erakusten dute urtez urte teknika zein eduki aldetik etengabe hobetuz doazen lanek.

Lehiaketaren helburua, gazte euskaldunen sormena bultzatzea eta ekoizpen artistikoa gizarteratzea da. Horregatik, Kameratoian sortutako pieza guztiak Creative Commons Aitortu – Partekatu lizentziapean zabalduko dira. Eduki kulturalak erabiltzeko lizentzia horrek, copyright ezagunak ez bezala, sormen lanen zabalkundea errazten du, baimena ematen baitu edukiok zabaldu, berrerabili eta haietan oinarrituta lan berriak sortzeko, beti ere jator rizko egileak aipatzeko eta eratorritako lanak baldintza berdinetan partekatzeko betebeharrarekin.

Lehiaketan 18 eta 35 urte bitarteko gazte euskaldunek parte hartu ahal izango dute eta horretarako azaroaren 22a baino lehen izena eman beharko dute. Ikus entzunezko lanak ekoizteko, taldeek bere ekipo propioa erabili beharko dute eta aurkeztuko dituzten film laburretan hizkuntzaren presentzia ezinbestekoa izango da, ahozkoa edo idatzizkoa , euskara hutsean. Lehiaketaren oinarri osoak www.kameratoia.com webgunean ikusgai daude. Bertan, izena emateko aukera izateaz gain, aurreko edizioetako lanak eta beste hainbat jakingarri ere aurki daitezke.

Facebooktwitter
youtubeflickr