2018ko abenduan, Durangoko Azokan, euskarazko film laburren lehiaketetan aritzen direnentzako lehiaketa berri bat estreinatuko du Euskaltzaleen Topaguneak: DemaS.A, sortzaile amateurren arteko demaFinalisten final handia izango da. Nola parte hartu? 

 

Honakoek parte hartuko dute:

  • Euskarazko laburmetraiak,
  • 12-48 orduko tartean, gai /leku /objektu bat oinarri izanda egindakoak, lehiaketa baten barruan.
  • aurkeztutako lehiaketan finalera heldutakoak (2017ko urritik 2018ko urrira bitartean burututakoak)

Zenbat eta  lehiaketa gehiagotan parte hartu, aukera gehiago izango da abenduko finalera heltzeko, lehiaketa bakoitzeko bi film onenak sailkatuko baitira. Herrietan lehiaketak ospatu ahala, Euskaltzaleen Topagunea iragarriz joango da finalerako zein film labur sailkatu diren.

Helburua

Euskarazko ikus-entzunezko sorkuntzari sekulako ekarpena egiten diote Euskal Herrian, herriz herri, lehiaketok antolatzen dituztenek, baita berton parte hartzen duten sortzaileek ere. Euskaltzaleen Topaguneak, final honen bidez, hauspoa eman nahi die ekimen hauei, eta guztien arteko sare bat sortu.

Sariak

Final hau Euskal Herri mailakoa izango da:  euskarazko film laburren lehiaketa guztietako finalisten arteko finala. Lehiaketa formatu ezberdinak kontuan harturik, honako sariak banatuko dira final handian:

  • 24 ordu baino gutxiagoan sortutako  laburmetraiak: 300 euro eta sorpresa
  • 24-48 ordu tartean sorturiko laburmetraiak: 300 euro eta sorpresa
  • Publikoaren saria (proiektatuko diren lan guztien artean aukeratua): 300 euro

Lehiaketetako antolatzaileekin kontaktuan

Euskaltzaleen Topagunea harremanetan jartzen dabil lehiaketetako antolatzaileekin eta 2018ko egutegi bat osotzen herrietako lehiaketa guztiekin.

Abenduko finalean Euskal Herriko lehiaketa guztietako finalistak izan nahi ditugu eta, horregatik, antolatzaile guztiei honako eskaera luzatu nahi diegu: oraindik beraiekin ez bagara kontaktuan jarri, jakinarazi diezagutela johana@topagunea.eus helbidera mezu bat bidalita edo formulario hau beteta.