DemaSA: bidali zuen lehiaketetako lanak final handirako!

demasa logoaUrtean zehar Euskal Herrian antolatutako euskarazko film laburren rally edo lehiaketen arteko topaketa izango da. DemaSAn parte hartuko dute lehiaketa hauetan lehen bi postuetan geratutako film laburrek.  Finalisten arteko final handia izango da, onenen arteko onena aukeratuko da DemaSAn.

Iragarri bezala, Euskaltzaleen Topaguneak lehiaketa berri bat estreinatuko du 2018ko Durangoko Azokan: DemaS.A, sortzaile amateurren arteko dema. 

Euskarazko ikus-entzunezko sorkuntzari sekulako ekarpena egiten diote tokian-tokiko lehiaketok antolatzen dituztenek, baita berton parte hartzen duten sortzaileek ere. Euskaltzaleen Topaguneak hauspoa eman nahi die ekimen hauei, eta guztien arteko sare bat sortu. Abenduaren 9an DemaSAn denok elkartzea nahi dugu.

Parte hartu

DemaS.An, abenduko final handian, Euskal Herriko lehiaketa guztietako finalistak izan nahi ditugu. 2017ko urritik 2018ko urrira bitarte ospatutako lehiaketetako lehen bi postuetan geratu diren lanak izan behar dira.

Lehiaketa hauen antolatzaileen bidez ari gara lanak jasotzen.  Oraindik zuen lehiaketako lanak ez badituzue DemaSArako bidali, hemen duzue horretarako bidea.  Zuen lehiaketako partehartzaile bat izan daiteke final handiko irabazlea!

Azaro hasierara arte jasoko ditugu lanak.

Sariak

Honako hiru hauek banatuko dira DemaSAn:

  • 24 ordu baino gutxiagoan sortutako laburmetraiak: 300 euro eta sorpresa
  • 24-48 ordu tartean sorturiko laburmetraiak: 300 euro eta sorpresa
  • Publikoaren saria (proiektatuko diren lan guztien artean aukeratua): 300 euro

 

Facebooktwitter
youtubeflickr