DemaS.A izan DA!

Azokako azken egunean ospatu genuen sortzaile amateurren dema. Finalisten finala handi bihurtu zuten Irudienean bildutako aurkezle, epaile eta publiko beroak. Lapatx, Epidemik eta Maritalavista taldeek eraman zituzten hiru sariak.

demasa2018-irabazle-guztiak

Atzo, abenduaren 9an, Irudienean,  estreinatu genuen DemaS.A (sortzaile amateurren dema), Lehen edizioa izanik, espero ez genuen arren, jende dezente hurbildu zen zine aretora eta sekulako giroa izan genuen ekitaldiak iraun zuen bi orduetan. Eskertzekoa da bai publikoak, bai aurkezleak, bai epaileek DemaSAri emandako bizitasuna. Eta, ez izan zalantzarik, aurtengoaren atzetik gehiago etorriko dira, sortzaile amateurren lanari hauspoa emateko!

 

Finalisten finala

Euskarazko film laburren bueltan, eta ezaugarri komun batzuk oinarri, Euskal Herrian antolatzen diren rally edo lehiaketen arteko finala da DemaSA. Euskaltzaleen Topaguneak aurten jarri du martxan, euskarazko ikus-entzunezkoak ekoizten aritzen diren sortzaile amateurrengan fokoa jartzeko.

Izan ere, euskarazko ikus-entzunezko sorkuntzari sekulako ekarpena egiten diote tokian-tokiko lehiaketok antolatzen dituztenek, baita berton parte hartzen duten sortzaileek ere. Euskaltzaleen Topaguneak hauspoa eman nahi die hauei guztiei , eta denon arteko sare bat sortu.

 

Lehen sarituak

Atzokoan 13 lan finalista izan genituen DemaSAn, honako lehiaketetakoak: Getxo Express, ZinebiExpress, Elorrioko 24 ordu digitalean, Kameratoia, Oñatiko laburmetrai rallya eta Sopela Express.

Haietarik hiru izan ziren DemaSA lehiaketaren historiako lehen sarituak. Antolakuntzatik, guztiak zoriondu nahi ditugu eta berriz ere rallyetan euskaraz sortzen jarraitu dezaten animatu. Hemen dituzue DemaSAko lehen sarituen berri:

 

LAPATX  taldearen “Ilunpean” lana.

demasa2018-lapatx-12-24ordu-saria

24 ordu baino gutxiagoan sortutako  laburmetraia onena: 300 euro eta sorpresa.

Aurtengo Kameratoia rallya irabaztetik datoz  Iker Maguregi eta Andrea Martinez (Algorta eta Gasteiz).  “Ilunpean” lanarekin eraman dute DemaSAn ere saria eta 2019ko Laburbirarako aukeraketan dago sartuta. Iaz ere bigarren saria irabazi zuten Kameratoian.

Ilunpean ikusi.  

 

EPIDEMIK  taldearen “Biharkoa atzo”

WhatsApp Image 2018-12-10 at 09.42.19

 

24-48 ordu tartean sorturiko laburmetraia onena: 300 euro eta sorpresa.

2018ko Getxo Express lehiaketan beraiena izan zen euskarazko lanik onena; Asier Rivera, Jon Alberto Lejardi eta Andoni Basurko (Ondarru eta Mutriku) dira “Epidemik”. Atzoko saria jasotzeaz harrituta eta pozik,  aurrerantzean ere rallyetan euskarazko laburrak egiten jarraituko dutela esan ziguten.

Biharkoa atzo ikusi.

MARITALAVISTA taldearen  “ Z-k alde egin zuenetik”

WhatsApp Image 2018-12-10 at 09.36.48

Publikoaren saria (proiektatuko lan guztien artean aukeratua):  300 euro eta sorpresa.

Duela hamairu urte hasi ziren rallyetan parte hartzen eta , geroztik, ez dira geratu! Zehazki, Elorrioko “24 ordu digitalean” lehiaketa lehen aldiz antolatu zutenean, orduantxe, hasi ziren. Aritz Albaizarrek egun hartan hartu ei zuen lehen aldiz kamera bat eskuan. Maritalavistakoak urtero-urtero joaten dira Elorriokora, eta  Portugaleten, Donostian, ZineBin…rally pila baten aritzen dira. Urtetik urtera aldatzen den arren, Elorrioko eta Larrabetzuko kideek osotzen dute normalean taldea; eta, noizean behin, Bilboko lagunen bat ere biltzen omen da Maritalavistara, rallyen esperientzia honek zer bizio dakarren-edo probatzeko.

“Z”-k alde egin zuenetik ikusi.

Facebooktwitter
youtubeflickr