Bideo-edizioa etxean egiteko aukerak

 

 

 

 

 

Argazkigintza eta bideogintza digitala gure etxeetan sartu direnetik, edozeinen eskura dago bideo digitalak grabatzeko aukera. Gaur egun, bideo-kamerarik izan gabe graba daiteke bideo bat, argazki-kamera digitalek eta telefono mugikorrek ere eskaintzen baitute aukera hori. Behin bideoak grabatuta, horiek editatu eta modu txukunean bideo-muntaiak egiten dituzte askok, eta, batzuetan, baita YouTube moduko Interneteko tokietan argitaratu ere.

Bideo-edizioa errazten duten mota askotako programak daude gaur egun: doakoak, modu sinplean gauzak egiten uzten digutenak, eta baita ordaindutako programa profesionalak ere. Eta, nola ez, badaude bideoa eta argazkiak erabiliz nahierako muntaiak egiteko aukera ematen duten web guneak ere. Ikus ditzagun, bada, aukerak.

MovieMaker eta iMovie

Duela denbora gutxi arte, bideo-edizioa egin ahal izateko, programa profesional eta garestiak erosi behar izaten ziren. Pixkanaka, ordea, aplikazio libreak garatzen hasi ziren, eta pauso nagusia sistema eragilean bertan bideoa editatzeko programak integratzen hasi zirenean eman zuten.

Microsoft-ek MovieMaker izeneko aplikazioa doan banatu zuen WindowsXPrekin batera. MovieMaker-ek harrera ona izan zuen, oso programa erraza baita bideo eta argazkiekin bideo-muntaiak egiteko. MovieMaker erabiliz, argazkiak eta musika nahastu daitezke, eta bideo bat sortu, edo, nahi bada, bideo-zati desberdinak erabiliz, bideo-muntaia bat egin. Modu sinplean gauza ugari egiteko aukera ematen du MovieMaker-ek: muntaia sinpleak egin, musika, ahotsa, testuak, eta abar nahasiā€¦ eta hori guztia lan handirik hartu gabe egiteko moduan. WindowsXPrekin banatzen zen lehen bertsio hura asko hobetu du Microsoft-ek, eta WindowsVistarekin ere bertsio hobea banatu du.

Maczaleek ere badute doako aukera bat sistema eragilean. iLife izeneko aplikazio-multzoa dauka MacOSX-ek, Leopard berriarekin asko hobetu dena. Suite horren barruan, iMovie izeneko aplikazioa dator, bideo-edizioko doako aplikazioa. Kasu horretan, maila ia profesionaleko aplikazio bat da, erraz erabiltzeko aukera ematen duena, eta, Windowsen kasuan bezala, sistemarekin batera instalatuta datorrena.

Doako aukerak

Programa horiek gustuko ez dituztenentzat, edo Linux-erabiltzaileentzat, badaude beste aukera batzuk ere. Agian ezagunena Jahshaka izenekoa da. Jahshaka kode irekiko aplikazio bat da, eta hiru plataformatan dabil (Windows, Macintosh eta Linux). Lehen aipatutakoekin konparatuta, profesional-itxurako aplikazio bat da Jahshaka, aukera ugari dituena eta akaso erabiltzeko konplexua gerta daitekeena. Baina bideo-muntaia landuak egin nahi dituzten erabiltzaileentzat aukera paregabea izan daiteke, eskaintzen dituen funtzionalitate ugariengatik eta bideoa gordetzeko ematen duen formatu-aukera zabalarengatik, baita HDTV kalitatean ere.

Aukera sinpleagoa da VideoSpin, baina erabilgarria izan daiteke. Tresna hori Pinnaclek garatua da, bideo-edizioko software garrantzitsuenetariko baten garatzaileak. Pinnacleren bertsio komertziala baino askoz sinpleagoa izan arren, VideoSpin nahikoa izan daiteke etxeko bideoak sortzeko, trantsizio, testu, efektu, musika eta antzekoak gehituz bideoari. Gainera, bideoak zuzenean Yahoo!-ra eta YouTubera igotzeko aukera eskaintzen du.

Internet bidezko edizioa

Ezin ahaztu geroz eta aukera gehiago daudela Interneten, eta, gaur egun, gero eta arruntagoa dela aplikazio-mailako aukera eskaintzen duten web guneak topatzea. Bideoa editatzeko ere badaude aukerak Interneten.

OneTrueMedia izeneko Interneteko atarian, bideo-muntaiak sortzeko aukera eskaintzen da. Argazki eta bideo txikiak editatuz, muntaia sinpleak egin daitezke, baina kasu askotan nahikoa izan daiteke, eta, gainera, zuzenean argitaratu eta partekatzeko aukera ematen du.

Bideo-edizioa modu zuzenagoan egiteko, JumpCut izeneko web gune bat dago. Web gune hori Yahoo!-rena da gaur egun, eta bideo-edizioko aukera arruntenak egiteko aukera ematen du: klipak gehitu, trantsizioak erantsi, testuak gehitu, etab. Eta, noski, Interneten zuzenean argitaratu eta bideoak partekatzeko aukera ere ematen du, guztia modu errazean.

Gaur egun, bideo-edizioa edonoren esku dagoela esan daiteke, baita bideoak Interneten argitaratzeko aukera ere.

 

Informazio iturria:Zibergela bloga

Facebooktwitter
youtubeflickr

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>