Benito Ansola Sariak antolatu ditu Topaguneak

  • Ikus-entzunezko lanak ekoizteko 4.000 euroko bi sari banatuko dira.
  • Euskal kultura zabaldu eta ikus-entzunezkoen ekoizle gazteei laguntza ematea du helburu Topaguneak.
  • Izena emateko epea irailaren 28ra arte egongo da zabalik.

ABADIÑO, 2012/04/19.- Bigarren urtez, Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak Benito Ansola Sariak jarri ditu martxan, Lekeitioko Udala eta Euskal Zine Bileraren laguntzarekin, eta Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Gizarte Ekintzarako Zuzendaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren babesarekin.

Lehiaketaren helburua, euskal kultura zabaldu eta ikus-entzunezkoen ekoizle gazteei laguntza ematea da. Horretarako, ikus-entzunezko proiektuak ekoizteko 4.000 euroko bi sari banatuko dira.

Deialdian parte hartu nahi duten gazteek, ikus-entzunezko lanak (fikzio, sorkuntza, animazio nahiz dokumentalak) egiteko proiektuak aurkeztu behar dituzte 2012ko irailaren 28a baino lehen. Euskararen presentzia ezinbestekoa izango da. Benito Ansola Sarien oinarriak honekin batera doan dokumentuan erantsi dizkizuegu.

Sarituen izenak 2012ko Lekeitioko Euskal Zine Bilerako itxiera ekitaldian jakinaraziko dira, abenduaren 1ean. Irabazleek, izendapena jaso eta 2013ko ekainaren 28ra bitarteko epea izango dute ikus-entzunezkoa bukatzeko.

Lehen edizioan David zabalaren “Ohe azpiko zera” eta Joseba Uberuagaren “Izena duena” lanak izan ziren garaile, eta 2011ko Lekeitioko Zine Bileran aurkeztu ziren. Ikus-entzunezko hauen laburpenak eta Benito Ansolari buruzko informazio orokorra www.kameratoia.eus/benitoansola webgunean aurki daitezke.

Benito Ansola Lekeition jaio zen 1928an. Humanitateak, Filosofia eta Teologia ikasi zituen Bergaran eta Gasteizen. Lekeitioko parrokoa izan da 24 urtez, euskal zinema bete-betean bultzatu du, eta zinegintza irakaslea izan da Markinako Lanbide Eskolan. 1978an, Euskal Zinema Bilera antolatzen hasi zen Lekeition, ikasle ohi batzuekin.

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa 1997an sortu zen, eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 96 Euskara Elkartek osatzen dute. Elkarteon zein Federazioaren beraren helburua euskararen erabilera sustatzea da. Horretarako, hainbat esparru lantzen dituzte, hala nola haur eta gazteen aisialdia, kulturgintza, tokiko hedabideak, mintzapraktika, entitateak euskalduntzea eta sentiberatzea.

Kategoria: Berriak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>