“Leihoak” estreinatu da Euskal Zine Bileran

ezb2016Euskal Zine Bileraren 39. edizioa ari da ospatzen egunotan, euskara hutsean egindako zinemaldi bakarra. Aurtengoan 50 lanetik gora jaso dituzte eta horietatik guztietatik 32 film izan dira onartuak lehiaketan parte hartzeko. Haietariko bat da “Leihoak”, Benito Ansola Sarien 3. edizioko irabazlea; urriaren 20an primizian estreinatu zen Euskal Zine Bileraren baitan.

 

Euskarazko lan amateurrei aukerak zabaltzen

 Euskal zinema euskaraz egitea garrantzitsua delako; maitasunaz, bakardadeaz, sufrimenduaz, euskaraz arituta, bertoko izaera ematen diogulako. Bertokoa izanik, euskal zinemak bertoko kutsua izan behar duelako. Horregatik guztiagatik, Euskaltzaleen Topaguneak jarraitzen du Benito Ansola beka antolatzen, Zine Bilerarekin batera eta 2017an aurreikusten da Sariaren 4.ediziorako lanak jasotzeko izen ematea zabaltzea. 

“Leihoak” lanari buruz esanakleihoak-kartela

Epaileen esanetan, gaur egungo zineak hartu duen joerari jarraitzen dio Iratiren lanak eta “aipatzen dituen erreferentziengatik, egilearen begirada propioa nabari da”. Mekanismo edo dispositibo zinematografiko bati erantzunez, “jolas modukoa planteatzen du leihoekin, zelatatzearekin, voyeurismoarekin…

Ausarta izan da donostiarra, esperimentu guztiekin geratzen den bezala, ondo ala gaizki irteteko arriskua duelako. Baina “esperimentatzea bera da benetan interesgarriena” eta horixe izan da epaileei baliagarriena iruditu zaiena: “ematen dituen erreferentziengatik, argi ikusten da buruan zerbait zehatza darabilela eta zer pentsatua emango du ziur asko”.

 Egilearen “erradiografia” 

iraticano2Irati Cano Alkain ( Donostia, 1993)

Egun, Bartzelonan bizi naiz Zine Dokumentalaren Masterra egiten Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. 

Irudi Laborategiko Erdi Mailako Zikloa (ESCIVI,2010 -2012) eta Errealizazioko Goi Mailako Zikloa (ESCIVI, 2012-2014 ) burutu eta gero, ERASMUS praktikak egin nituen Florentziako (Italia) produktora batean. 8 hilabetez Elkar argitaletxean lan egin ondoren,Paisaiak lanarekin, Madrilgo MasterLAV (2015-2016) egiteko aukera izan nuen irabazitako accesit batekin. 

Nire azken lanakPaisaiak, MasterLAV -eko accesita irabazita, Hitzen Lotura #ZINERGENTZIAK15 proiektuan Zinebi57 Nazioarteko jaialdian ikuskatu zen ‘’Joan-Etorriko bideak, barne erbesteari buruzko begirada zinematografiko’’ atalean eta baita ere Durangoko Azokako ‘’Irudienean’’. Gogoratzen pieza, ‘’Márgenes’’ jaialdiko Javier Oliveraren ‘’La Sombra’’ pelikularen korrespondentzia bat da. “Leihoak’’, Benito Ansola bekari esker ekoiztutako lana, nire norabidea aurrera eramateko modua izan da. 

 

 

Kategoriak Berriak | Erantzun

Proposamen ausart batek irabazi du Benito Ansola saria

20151128_211137

Benito Ansola hirugarren edizioko irabazleaz

Jasotako hamahiru lanen artean, “Leihoak” aukeratu du epaimahaiak, egilearen begirada propioa nabari dela azpimarratuz.

2015eko azaroaren 28an jakinarazi zen, Euskal zine Bileraren itxiera ekitaldian, Benito Ansola sariaren hirugarren edizioko irabazlea nor den. Irati Cano donostiar gaztearen “Leihoak” lana izan da interesgarriena.

Epaileen esanetan, gaur egungo zineak hartu duen joerari jarraitzen dio Iratiren lanak eta “aipatzen dituen erreferentziengatik, egilearen begirada propioa nabari da”. Mekanismo edo dispositibo zinematografiko bati erantzunez, “jolas modukoa planteatzen du leihoekin, zelatatzearekin, voyeurismoarekin…

Ausarta izan da donostiarra, esperimentu guztiekin gertatzen den bezala, ondo ala gaizki irteteko arriskua duelako. Baina “esperimentatzea bera da benetan interesgarriena” eta horixe izan da epaileei baliagarriena iruditu zaiena: “ematen dituen erreferentziengatik, argi ikusten da buruan zerbait zehatza darabilela eta zer pentsatua emango du ziur asko”. Irati Canok 3000 euroko laguntza jasoko du “Leihoak” lana garatzeko; 2016ko irailaren 16ra bitarteko epea izango du proiektua osorik bukatzeko.

Saria lan bakarrari ematen zaion arren, epaimahaiak beste guztiak ere aurkeztutako lanak aurrera ateratzera animatu gura ditu. Izan ere, bai Topaguneak, bai Euskal Zine Bilerak ere jarraituko dute Euskal kultura zabaldu eta ikus-entzunezkoen ekoizle gazteei laguntza ematen.

Horren erakusle da, Benito Ansola Saria banatu bezain pronto, Topaguneak beste deialdi bat zabaldu izana euskarazko film sortzaileei: 2016ko Laburbirarako lanen aukeraketarako lanak bidaltzeko aukera. Interesatuek kultura@topagunea.org helbidera bidali ditzakete filmak.

Kategoriak Berriak | Erantzun

Benito Ansola saria, Maria Elorza, Maider Fernandez eta Aitor Gametxorentzat

Aurtengo irabazleak, Benito Ansolarekin

Aurtengo irabazleak, Benito Ansolarekin

Ia urtebeteko ibilbidearen ondoren, gaur jakin dugu, Lekeitioko Zine Bilerako amaiera ekitaldian, nork irabazi duen aurtengo Benito Ansola saria. Bigarren edizio honetan, Maria Elorzak (Donostia, 1988), Maider Fernandezek (Donostia, 1988) eta Aitor Gametxok (Lekeitio, 1989) lortu dute saria, “Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa” proiektuarengatik. Ikus-entzunezko lana ekoizteko 4.000€ jasoko dituzte, eta film laburra 2013ko ekainaren 28a baino lehen aurkeztu beharko dute. Tamalez, bigarren saria banatu gabe geratu da, epaileen iritziz gainontzeko lanek ez dituztelako kalitate irizpideak bete.

“Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa”, nolabait poetikoak dire euskarazko hainbat esamolderen hiztegi edo bilduma osatzen duen film laburra da. Honen bidez, galtzen ari diren hizkerak jaso nahi dituzte sortzaileek, eta aldi berean, Euskal Herriko erretratu liriko bat egin.

Benito Ansola Sariak Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak sortu zituen 2010ean, Lekeitioko Udalaren laguntzarekin, euskal kultura zabaldu eta ikus-entzunezkoen ekoizle gazteei laguntza emateko. Benito Ansolak berak eman die saria aurtengo irabazleei, eta orain lanean jarraitu beharko dute istorioa paperetik pantailara eramateko.

Datorren urteko Lekeitioko Zine Bileran ezagutuko dugu “Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa”. Zorionak Maria, Maider eta Aitorri!

 

Kategoriak Berriak | Etiketak , , , , , , , , | Erantzun

Larunbatean banatuko dira Benito Ansola Sariak

Lekeitioko Zine Bilera martxan dago honezkero, eta larunbat honetan, abenduaren 1ean, BENITO ANSOLA SARIEN irabazleen berri izango dugu. Ekitaldia arratsaldeko 19:30tan hasiko da, Lekeitioko Ikusgarri zinema aretoan. Urko Aristik gidatuta, Zine Bilerara aurkeztutako film laburren emanaldia izango da lehenik, eta ondoren izango da sari banaketa. Aukeran dantza taldeak girotuko du ekitaldia.

Irabazleek proiektuak ekoizteko 4.000€-ko bi sari jasoko dituzte, eta lanak 2013ko ekainaren 28a baino lehen aurkeztu beharko dituzte.

Benito Ansola Sariak Topaguneak sortu zituen 2010ean, euskal kultura zabaldu eta ikus-entzunezkoen ekoizle gazteei laguntza emateko. Lehen edizioan David zabalaren eta Paul Urkijoren “Ohe azpiko zera” eta Joseba Uberuagaren “Izena duena” lanak izan ziren garaile. Hemen dituzue trailerrak.

Aukera badaukazue, hurbildu Lekeitiora larunbatean. Benito Ansola Sarien irabazleen izenak ezagutzeaz gain, Zine Bilerara aurkeztutako zenbiat film labur ikusteko aukera izango duzue. Hona hemen larunbateko egitaraua:

1.- BAZEKITEN (Juan Bidegain Urruzuno)

Ezaugarriak:  amateurra, argumentozkoa, 6´10´´.

Sinopsia: Pertsonok, zertarako gara gai egoera batzutan.

 2.- EDOZER! (Iñaki Beraetxe Illarreta)

Ezaugarriak: profesionala, argumentozkoa, 6´ 45’’.

Sinopsia: Oihanak Proyecto Hombren egin ditu azken hilabeteak. Bere mutila izandakoarekin, Jonekin, geratu da, afaltzeko…

3.- AIREAN (Sergio Martinez  eta Naiara Gallego)

Ezaugarriak: Amateurra, Sormenezkoa, 1´.

Sinopsia: Irudimenari hegan eginarazten dioten ume baten zirriborroak.

4.- HAMAIKETAKOA (Telmo Esnal)

Ezaugarriak: profesionala, argumentozkoa, 4´.

Sinopsia: Egunero, ordu berean, Antonio eta Santik elkarrizketa berezi bat dute. Hiru emakume dira horren lekuko.

Lekeitioko Zine Bilerari buruzko informazio guztian webgunean aurkituko duzue.

Kategoriak Berriak | Etiketak , , , | Erantzun

David Zabala eta Joseba Uberuagari elkarrizketa

“Arazo nabariena labur bat egiterako orduan finantziazioa izaten da. Dirua nondik atera. Sariarekin arazo hori konponduta geneukan.”

Benito Ansola Sarietako lehen  edizioko irabazleak dira David Zabala (Lekeitio, 1982) eta Joseba Uberuaga (Gernika, 1981). “Ohe azpiko zera” eta “Izena duena” film laburrak ekoiztu dituzte, hurrenez hurren, lehiaketan eskuratutako laguntzarekin. Lehena, Paul Urkijorekin batera garatu du Davidek. “Izena duena”, berriz, 3Dn ekoiztutako lana da. Bigarren edizioa martxan dagoen honetan, David eta Joseba gertuagotik ezagutu nahi izan ditugu. Irudi sortzaileak dira, labur esanda.

– Nola hasi zineten ikus-entzunezkoen munduan? Zein izan da orain arteko ibilbidea?

Ohe azpiko zera, David Zabala eta Paul Urkijo zuzendariak

DAVID: Beti izan dut gustoko filmeak ikustea, txikitatik. Kuadrilako lagunekin filme laburrak egiten genituen jolas bezala ondo pasatzeko. Unibertsitatean ikusentzunezkoak ikastean ikusi nuen hori zela niri gehien gustaten zitzaidana. Irudiak sortzea, istorioak kontatzea. Patxi Urkijo irakasleak erakutsi zigun zinema beste modu batera ikusten eta ulertzen. Beraz, berari ezker ere esan beharko nuke. Ibilbideari dagokionez ba zuzendari, kamera, edizioa eta hainbat saltzatan mugitzen naiz eroso. Paulekin egiten badut lana, zuzendaritza, edizioa eta posprodukzioa bion artean  egiten ditugu. Dagoeneko laburmetrai batzuk eginak ditugu eta beste horrenbeste bideoklip eta dagoeneko pantaila handira salto egiteko gogoz. Baina hori beste istorio bat da.

JOSEBA: Txikitatik izan dut marrazketarako zaletasuna. Baina rotuladoreekin nekagarria da marrazki handiak koloreztatzea eta akuarelekin zaila da lerrotik ez ateratzea. Beraz, ordenagailuak eskaintzen dituen abaintailak probatu nituenean ezin izan nion tresna hari uko egin. Ordutik neure kaxa ikasiz aritu naiz ilustrazioak eta animazioak egiten, kartel lehiaketaren bat kenduta, ikastea soilik helburu hartuta.

– Zergatik hartu zenuten parte Benito Ansola Sarietan?

DAVID: Lekeitiko zinemaldian parte hartu eta bertan enteratu ginen Benito Ansola sariaz. Erdi serio erdi bromaz pentsatu genuen zerbait aurkeztea. Aukera on bat bezala ikusi genuen labur bat aurrera eramateko, eta horrela izan zen. Arazo nabariena labur bat egiterako orduan finantziazioa izaten da. Dirua nondik atera. Sariarekin arazo hori konponduta geneukan.

Izena duena
JOSEBA: Denboraldi bat neraman ezer egin gabe, eta sari honek zerbait serioa egiteko aukera ematen zidan. Teknika berriak jorratzeko beharrezko den materiala erosi eta ordurarte ikasitako guztia proiektu bakar batean aplikatu eta erakusteko.

– Aspalditik buruan zeneuzkaten proiektuak al ziren aurkeztu zenituztenak?

DAVID: Egia esan, ez. Galtzerdiak jaten dituen munstroari buruzko zerbait egitea ondo egongo zela bai, baina ez zen proiektu formal bat, ideia bat hemen eta beste bat hor besterik ez. Sarirako prestatu edo garatu genuen proiektua. Nirekin gidoilari bezala normalean egiten duen Ibai Canales-i komentatu nion  munstro galtzerdi-jale bateri buruzko zerbait egitea euskarazko proiektu baterako eta egun batzutan prestatu zuen gidoiaren lehen bertsioa. Behin gidoia izanda beste guztia erraz egiten da.

“Garai batean imaginatu nuen film luze baten zatitxo bat da laburrean ikus daitekeena (Izena duena)”

JOSEBA: Bai, ganbaran gordeta nituen proiektuetatik egokiena iruditu zitzaidan. Euskal kulturarekin duen lotura, iraupen eta abarrengatik. Egia esan, garai batean imaginatu nuen film luze baten zatitxo bat da laburrean ikus daitekeena.

Irabazle izendatu zintuztetenetik lana ekoiztu arte, nolakoa izan da prozesua?

DAVID: Tarte horreri pre-ekoizketa edo pre-produkzioa esaten zaio. Ekoizpenaren lana Urko Olazabalek egin zuen. Bera aritu zen gauza gehienak lortzen (aktoreekin kontaktua, lokalizazioa, etabar). Behin egutegian egun batzuk aukeratuta daudenenan departamentu bakoitzak bere atalak prestatzen ditu. Erropak, ileapainketa eta makilaia, munstroaren mozorroa, kastinga… Beste gauza batzuk aldez aurretik ezin dira prestatu, iluminazioa adibidez edo dekorazio edo zuzendaritza artistikoa, aldez aurretik hitz eginda bakarrik geneukan eta argazkiak eta pelikulak erabiltzen genituen erreferentzi bezala, atmosfera konkretuak lortzeko (Pa negre, el laberinto del fauno, where de wild things are…).

Ohe azpiko zera

JOSEBA: Luuuuuzea. Istorioa argi dagoenean guztia 3D munduan sortu behar da. Marrazkiak oinarri hartuta modelatzen dira objetuak, kolorea eta textura eman, animazio hezurdurak definitu, animazioa bera, argiztapena, musika eta audioa… Egia esan nik uste baino lan zailago eta nekagarriagoa izan zen. Ia 9 hilabetez lanetik itzuli eta egunean 6 ordutik gora pasatu nituen ordenagailu aurrean (asteburuetan gehiago). Nire andrearen laguntza eta bultzada ezinbestekoak gertatu zaizkit prozesu osoan (eta lana bukatu ezean dirua itzuli beharrak ere tiratzen du aurrerantz).

“Baliabide mugatuekin ere imaginatu dezakegun edozer gauza sortu daiteke 3D teknikarekin. Oso tresna boteretsua da.”

– David, “Ohe azpiko zera” da Paul Urkijorekin batera garatu duzun film laburra. Zer da?

DAVID: Ba istorio unibertsal bat. Umeei lotara joan aurretik irakurtzen zaien horietako bat. Norberaren beldurrei aurre egitearen garrantzia erakusten duen horietakoa.

– Joseba,  “Izena duena” da zuk ekoiztutako lana, 3Dn sortutako animazioa. Zein aportazio dakarzkio 3Dak sorkuntza artistikoari?

Izena duena

JOSEBA: Askatasun beste buruko min. Esan daiteke gaur egun baliabide mugatuekin ere imaginatu dezakegun edozer gauza sortu daitekeela 3D teknikarekin. Oso tresna boteretsua da. Baina zaila, ulergaitza eta gupidagabea izatera ere iritzi daiteke (Windows-ekin lan egiten duen edonork baieztatu dezake hori).

– Lekeitioko Zine Bileran aurkeztu zenituzten lehen aldiz “Ohe azpiko zera” eta “Izena duena”. Ordutik izan al dute bestelako ibilbiderik?

DAVID: Ba distribuzioa BANATU FILMAKek darama. Momentuz atzerrian badirudi berton baino arrakasta gehiago duela. Italian, Australian, Alemanian, Budapesten aukeratua izan da jaialdi batzutan “Ohe azpiko zera”. EITBk erosi dizkigu telebistarako eskubideak  EITBlaburrak atalerako. Valentzian mentzio berezi bat jaso du VALENCIA CREA 2012n, hori da azkena, pasadan astekoa.

JOSEBA: Kontua da “Izena duena” bukatu eta hilabetera jaio zela nire alaba eta zertxobait lanpetuta ibili naiz. Ezin izan dugu laburmetraia behar bezala zabaldu. Inguruan aipagarriena Animabasauriko DVD sailean aukeratua izatea da eta espainia mailan oraindik ez dugu sorterik izan…

– Zein aukera eman dizue Benito Ansolak?

Ohe azpiko zera, kartela

DAVID: Ba bekaren diruarekin laburmetraia aurrera eramatea. Bestela seguraski gidoi huts batean geratuko zen.

“Italian, Australian, Alemanian, Budapesten aukeratua izan da jaialdi batzutan Ohe azpiko zera”

JOSEBA:  Bidea eta helburua eman dizkit. Eta hauekin batera proiektua egiteko behar nuen bultzada. Nire mugak eta abileziak ezagutu ditut, eta nire teknika hobetu dut prozesu luuuze honetan. Nire denborapasa zerbait garrantzitsua bihurtu da eta esperientzia aberasgarria izan da oso.

“Lortu daitezkeen laguntza gehienak zure talentua sobera erakutsi duzunean agertu ohi dira. Gutxi dira ni bezalako amateur bati aukera eta laguntza ematen ausartzen direnak.”

– Zeintzuk dira ikus-entzunezkoen sortzaile gazteek aurrera egiteko dituzten aukerak?

DAVID: Ba sekreturik ez dago. Benetan gustoko baduzu bakoitzak aurkitzen du bere bidea. Internetari esker aukera berriak daude ikusentzunezko edukiak edo proiektuak garatzeko eta ezagutzera emateko (crouwdfunding, youtube , vimeo…). Bizitzako beste edozein ataletan bezala ideia on bat eta leku egokian eta momentu egokian egoteak ere garrantzia du.

“Youtube bezalako guneetan ere tontakeri artean euskarazko lan pila ikus daiteke, baliabiderik ez,  baina talentua soberan duten gazteen eskutik”

Izena duena

JOSEBA: Nik dakidala ez dago Benito Ansola Sariak bezalako laguntza askorik. Lortu daitezkeen laguntza gehienak zure talentua sobera erakutsi duzunean agertu ohi dira. Gutxi dira ni bezalako amateur bati aukera eta laguntza ematen ausartzen direnak.

– Euskarazko ikus-entzunezko sortzaile gazte asko al dago hor kanpoan?

DAVID: Bai badago. KIMUAKeko urteroko katalogoa edo BANATUrena ikustea besterik ez dago.

JOSEBA: Lekeitioko zine bilerara hurbildu besterik ez dago hori ikusteko. Maila handiko lanak ikusten dira bertan urtero urtero. Edota youtube bezalako guneetan ere tontakeri artean euskarazko lan pila ikus daiteke, baliabiderik ez,  baina talentua soberan duten gazteen eskutik.

– Hemendik aurrera, zer? Ba al daukazue proiektu berririk buruan?

DAVID: Bai! Beti daukagu zerbait buruan! Momentuz beste labur bat prestatzen gabiltza irailerako. Eta bide batez luzemetrai baterako gidoia. Ea dirudun bat interesatzen den… (jajaja)

JOSEBA: Ganbara bete proiektu izaten jarraitzen dut baina baten bati ekiteko betarik gabe nabil. Haurra unibertsitatean dabilenean jarriko naiz berriz lanean (ja,ja,ja)…

Kategoriak Berriak | Erantzun

Benito Ansola Sariak antolatu ditu Topaguneak

  • Ikus-entzunezko lanak ekoizteko 4.000 euroko bi sari banatuko dira.
  • Euskal kultura zabaldu eta ikus-entzunezkoen ekoizle gazteei laguntza ematea du helburu Topaguneak.
  • Izena emateko epea irailaren 28ra arte egongo da zabalik.

ABADIÑO, 2012/04/19.- Bigarren urtez, Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak Benito Ansola Sariak jarri ditu martxan, Lekeitioko Udala eta Euskal Zine Bileraren laguntzarekin, eta Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Gizarte Ekintzarako Zuzendaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren babesarekin.

Lehiaketaren helburua, euskal kultura zabaldu eta ikus-entzunezkoen ekoizle gazteei laguntza ematea da. Horretarako, ikus-entzunezko proiektuak ekoizteko 4.000 euroko bi sari banatuko dira.

Deialdian parte hartu nahi duten gazteek, ikus-entzunezko lanak (fikzio, sorkuntza, animazio nahiz dokumentalak) egiteko proiektuak aurkeztu behar dituzte 2012ko irailaren 28a baino lehen. Euskararen presentzia ezinbestekoa izango da. Benito Ansola Sarien oinarriak honekin batera doan dokumentuan erantsi dizkizuegu.

Sarituen izenak 2012ko Lekeitioko Euskal Zine Bilerako itxiera ekitaldian jakinaraziko dira, abenduaren 1ean. Irabazleek, izendapena jaso eta 2013ko ekainaren 28ra bitarteko epea izango dute ikus-entzunezkoa bukatzeko.

Lehen edizioan David zabalaren “Ohe azpiko zera” eta Joseba Uberuagaren “Izena duena” lanak izan ziren garaile, eta 2011ko Lekeitioko Zine Bileran aurkeztu ziren. Ikus-entzunezko hauen laburpenak eta Benito Ansolari buruzko informazio orokorra www.kameratoia.eus/benitoansola webgunean aurki daitezke.

Benito Ansola Lekeition jaio zen 1928an. Humanitateak, Filosofia eta Teologia ikasi zituen Bergaran eta Gasteizen. Lekeitioko parrokoa izan da 24 urtez, euskal zinema bete-betean bultzatu du, eta zinegintza irakaslea izan da Markinako Lanbide Eskolan. 1978an, Euskal Zinema Bilera antolatzen hasi zen Lekeition, ikasle ohi batzuekin.

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa 1997an sortu zen, eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 96 Euskara Elkartek osatzen dute. Elkarteon zein Federazioaren beraren helburua euskararen erabilera sustatzea da. Horretarako, hainbat esparru lantzen dituzte, hala nola haur eta gazteen aisialdia, kulturgintza, tokiko hedabideak, mintzapraktika, entitateak euskalduntzea eta sentiberatzea.

Kategoriak Berriak | Erantzun