2017ko euskarazko zinerik onena Irudienean

logolaranjaAbenduaren 6tik 10era, Durangoko Zugaza zine aretoan ikusgai izango dira denak; aurten euskaraz egin diren film eta dokumental onenak.

Bost eguneko egitaraua eskura duzue jadanik, zuen gustukoenak aukeratu eta Irudieneara noiz etorri pentsatzeko.

Durangoko Azokako ikus-entzunezkoen gunean, filmak eta dokumentalak ikusteaz gain (helduentzako zein haurrentzako aukerak daude) tailerrak eta solasaldiak ere antolatu ditugu, Irudienean ikusi eta entzun bakarrik ez, euskaraz sortzen ari garenaren inguruan hitz egitea ere nahi dugulako. Elkarrekin zertan gabiltzan, zer lortu dugun, zer norabide hartu aztertzea ere badelako gune honetako ezaugarri.

Aurten zer?

Dokumentalak aurtengoan gehienak memoria historikoaren, gure herriaren memoriaren edo historiaren ingurukoak. Altxor historikoak.  Haur eta gazteentzako zinea. Laburmetraiak. Web-dokumentalak, web-sailak, fikzioa eta mahai inguruak.

Jose Antonio Sistiaga, aurtengo kartel egilearen bi film laburrekin abiatuko dugu bost egunetako bidaia. Eta ondotik etorriko dira Estitxu abeslariaren inguruko dokumentala, Pasaiako Badiako gertakariak, euskal errefuxiatuen erbestealdi biziak “Kaxa Hutsak” dokumentalean, Beloagako gaztelua, Nafarroa Independientearen gotorleku edo Gernikaren Egiak…

Laburrak ere izango dira, bost egun horietan mokadu ttikiak ikusleari eskaintzeko: Areka, Euritan, Ilunpetan labur intimoa eta Zulo.

Haur eta gazteak ere sormenaren lurraldeko kide ditugu. Eta beraientzat  fruitu koloretsu eta freskoak bildu ditugu Irudienean: “Ezberdintasunean Hezi” 5 film laburrek osotutako proiektua;  “Printze txikia” sormenaren lurraldean bidaiatzeko edo “Laban, mamu txikia”, etxeko txikientzako.

Eta, azkenik, aipatu urteko estreinaldi “handia” eta Errementari. Gurean izango dira. Baita “Handia” efektuari buruzko mahai ingurua ere, euskarazko zinemagintza bere gorenera iritsi ote den galdezka…

 

 

Facebooktwitter
youtubeflickr